XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Gauean lauzpabost bider jeikitzen naiz kanporatzeko... Iduri zait gorputzeko ur guzia galtzen dudala... Egun, aurrideek sukaldetik ohildu naute... hor da neguko gure lo-gela... Kanpotarrak aski ez banitu, ere, etxeko aurrideak gutiespen ta urrikiz Beheitikoa! Lasterreria deitzen naute.

Gaur, etxeari loturik den abelkume tegian, kortxelan bi arkume, bi axuri sortu berriekin lo egin... etxeko ate bakarra hor dago, azpitik neguko aize hotza sartzen... Egunaz barrenean egotea debekatua... kutsua badut.

Kanpoan geroago eta nekezago igitzen, ibiltzen naizelakotz herriko mutiko txarrek, oro ondotik, harri ukaldika lasterkatzen, ohiltzen naute.

Ardiak etxeko korralean daudenean haien artera izkututzera banoa... Hor ere jarraitzen naute, baina amona etxetik atera ta agertzen delarik denek ihes egiten.

Gaixo amona, adiskide bakarra... agian nik bezain beste, nik haina min ezagutua ez omen da zaharra, baina dena zimurtua dago.

Amona ez zait mintzatzen.

Gogorki erasoten die nere ixterbegiei.

Amari galdetu behar diot, ea zergatik halaxe nagoen: - Zu, Iasmina, betidanik txarra, eria, gaixoa izan zara.

- Ez da nere ogena... ez da nere errua... ama.

- Hastapenean, hatsarrean nik ere halaxe uste nuen... gero djinn txar baten gogoa zure gorputzean sartu zela... eta nork jakin begizko bat berdin egin zizuten.